“Idatzi dut, ni diagnostikatua izan nintzelarik, irakurri nahi nuen istorioa”
2025eko Urtarrilaren 14a

Maialen Hegi-Lukuk Girgileri Anderea bere lehen eleberria, 2018an argitaratu zuen Gazteluma saria eskuratu ondoan / GURE IRRATIA
Girgileri Anderea eleberria duela 7 urte argitaratu zuen Maialen Hegi-Lukuk. Garaian bizitzen zuenarekin lotzen du 2016-an asmatu istorioa: nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten medikuek.
Eleberrian aldiz, ez da bere istorioa, Parisen bizi den 25 bat urteko emazte aihertar batena baizik. Psikiatriaren munduan murgilduko da, galduko da, eta onarpenerako bide bat ere berdin aurkituko du.
Hazparneko Ttattola gaztetxean, Psikiatriaren inguruko solasaldia antolatu dute liburuaren inguruan, urtarrilaren 15ean 19:00tan, Antton Moustirats erizaina eta Elorri Ameztoi psikiatraren parte hartzearekin. Urtarrilaren 18an berriz, Baionan Cafecito ostatuan liburuaren frantsesezko bertsiotik abiatuta, 14:30tan izango da ere Maialen Hegi-Luku.