Bost milako bat pertsonarekin, manifestaldi jendetsua izan da larunbat honetan berriz ere Baionan, bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde. Jaka Horien bigarren egun honetan ere istiluak, zaurituak eta atxilotuak izan dira.
Jaka Horien bigarren hitzordurako, Emmanuel Macronen debekuen ondorioz, Baionan CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek egina zuten suprefeturan manifestatzeko galdea. 20:00etan oraindik istiluak zirela, suprefetak jakinarazi du hamaika pertsona atxilotu zituztela.
Geltokitik abiatuta, jende mugimenduak agindu du manifestaldiaren bidea
Baionako geltokitik abiatu da manifestaldia arratsaldeko bi terditan, presondegi ondotik pasata, deklaratua izan zen ibildetik segitu dute batzuek, beste parte handi batek ezkerrera hartu, eta ipar Baionako autobide sartze ateratzera heldu da. Poliziaren aurrean egon dira manifestariak oren erdi batez, berriz abiatzeko ondotik, Baiona zentroruntz. Jean Dauger zelai ondotik pasatu, errugbi partida ikustera joana ziren zaleekin kurutzatu eta Paulmy etorbidea hartu du manifestaldiak, prefeturak debekatua zuen bidetik, suprefeturara heltzeko. Hara heldu bezain laster, istiluak hasi dira eta gas negargarri ainitz bota ditu poliziak.
Herriko etxeruntz segitu du mugimenduak, poliziak pusaturik ere, etengabe jaurtitzen zituen tirogaien ondorioz. San Izpiritu zubiruntz pusatzen segitu dituzte, San Izpiritu auzora heltzeko. Gaueko 20:00tan istiluek segitzen zuten oraindik, eta tenore hortarako, prefeturak hamaika atxiloketa izan zirela jakinarazi zuen jada.
Manifestarien begiak edo zauri larriagoak zaintzen dituen “Medic” mediku talde auto antolatuak jakinarazi digu 16 urteko batek buruan zauri bat izan zuela, beste bik sudurrean eta bekainean zuten zauria. Bi artatu zituztela, LBD balak zaurituta, eta bi arnas-estutasuna gatik gas negargarrien ondorioz.
"Faxistak kanpora!"
Manifestaldiaren ondoan, Baiona ttipian, herritar talde batek Marengo karrikan zen sei bat pertsonako talde bat kaiaruntz kanporatu du “faxistak kanpora!” oihuak botaz, eta aitzinatuz. Oren bat lehenago poliziaren gibelean agertu zen taldea. Lekuko batzuen arabera,Talde antolatu gisara aurkeztu dira komertsantak babesteko. Baten lepokoan handizki, ultra eskuinak erabiltzen duen sinbolo bereizgarria agerian zuen.

