Gure Irratia Lapurdiko tokiko irrati euskalduna da, 1981ean sortua, euskarazko ahotsa eta mezua gure lurraldean zabaltzeko xedez. Hasieratik, gure xedea argia izan da: euskararen baliapena azkartzea, euskal kulturari oihartzuna ematea eta tokiko komunitatea informatu eta elkarretaratzea.
Eguneroko Lapurdiko aktualitatea, elkarrizketak, musika eta kultur kronikak eskaintzen ditugu, betiere gure lurraldeko errealitateari eta entzuleen interesari loturik. Gure indarra entzuleekin dugun harreman zuzen eta gertukoan dago; irrati bizia gara, parte-hartzea sustatzen duena, komunitatearen ahotsa bere uhinetan islatzen duena.
Gure Irratia 1981ean sortu zen Milafrangako etxe xume batean, euskarazko komunikazioaren beharra eta gogo bizia oinarri harturik. Ordutik, gure egitasmoak hainbat egoitza izan ditu: lehenik Baionan (Passemillon eta Poissonerie karriketan), eta 2006tik aitzina Uztaritzen, Landagoien gunean. Urte bereko abenduan sute batek egoitza osorik suntsitu zuen arren, komunitatearen sostenguari esker berreraiki eta 2009ko bukaeran gure etxera itzuli ginen.
Gaur egun, hiru langile eta laguntzaile sare zabala ditugu urte osoan lanean, eta gure uhinetan 30.000 entzule inguru bildu ohi ditugu. 106.6 eta 90.5 frekuentzietan entzun gaitzakezue.
1999tik aitzina, Euskal Irratiak federazioaren kide gara, Irulegiko Irratia (Baxe Nafarroa), Xiberoko Botza (Zuberoa) eta Antxeta Irratiarekin (Hendaia eta inguruak) batera. Federazioan elkarrekin kudeatzen dugu programazioaren zati handi bat, baina tarteak ere baditugu bakoitzak bere tokiko izaera lantzeko.