'Eskailerapekoa' bakarrizketa berria aurkeztuko dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak, Baionako Luna Negran asteazken honetan. Bikotean proposatzen duten laugarren ikuskizuna dute.
Badu kasik bederatzi urte elkarrekin umorez betetako bakarrizketak proposatzen dituztela Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena gipuzkoarrek. Laugarrena da 'Eskailerapekoa' izena duena ; Arno onari deitzen baitzaio, eskailera azpian gordetzen denari. Bikoteak, gordetuak diren gaiak, bizipenak, krisiak eta usu beraienak kontatuko dizkigute. Kritika eginez, deseraikiz eta oinarrian dutelarik, irria. Otsailean lehen aldiz aurkeztu ikuskizun berrian 40 urteko krisia, nerabezaroa, gorputza eta mendia izango dituzte hizpide, besteak beste.
Ekainaren 10ean, Baionako Luna Negra antzokian emanen dute 20:30tan Eskailerapekoa. Sartzea urririk da, izena aitzinetik hemen : euskara@bayonne.fr. Ikuskizunaz gehiago hitz egiteko, Idoia Torregarai gomitatu dugu.