Hazparne (Lapurdi)

Fla Fla Fla, haur ttipi-ttipientzat pentsatu ikusgarria

Eneka Bordato dantzariak Hazparnen emango du Fla Fla Fla ikusgarria. Isiltasunetik abiatzen da, ondotik haur ttipi baten maneran, objektu deskubritze esplorazioan arituz. Azaroaren 28an emango du Hazparneko mediatekan ikusgarria.

Fla Fla Fla, haur ttipi-ttipientzat pentsatu ikusgarria
Eneka Bordato dantzaria hazpandarrak Fla Fla Fla bere bakarkako lana ematen du egun hauetan bere herrian. GURE IRRATIA
Arantxa Idieder
2026/11/26 18:05

Eneka Bordato hazpandarrak, haur ttipi-ttipientzat pentsatua duen ikusgarria Fla Fla Fla, larunbatean emango du bere sorterrian. Urte batetik gorako haurrentzat pentsatua du, dantza eta publikoaren parte hartzearekin.

Hazparnen hasita, Parise edota Lyonetik pasatuta

Parada izan da guretzat Hazparneko dantzaria ezagutzeko, dantza klasikoan ibilbidea berezia izan baitu. 14 urte zituela, Kanboko Xalbador kolegioa utzi eta Parisera joan zen goi mailako kontserbatoriora, bost urtez. Ondotik Europa Dance proiektuan aritu zen, eta berantago Lyoneko Opera Balletean sei urtez egon da dantzari. Instituzioa utzi ondotik ibili da dantzari gisa proiektu desberdinetan. Euskal Herrira etorri ta zonbait urtera, 2020an Dantzalai konpainia sortu zuen. Dantza ikastaldiak ematen ditu bestalde haur eta helduentzat. Eta momentu honetan Biarnoko Hart Brut konpainiarekin Prelude de Paon ikusgarria ematen du ere.

"Ez da erradikala baina proposamen berezi bat da, isiltasunean da eta soinuak agertzen dira"

Fla Fla Fla ikusgarria pieza koreografiko batekin hasten da, hamazazpi minutukoa eta ondotik publikoaren parte hartzearekin tarte bat hartzen du Eneka Bordatok. Isiltasuna du oinarri, eta ondotik haur ttipiek duten funtzionamendua inspirazio iturri hartuta, soinuak agertzen dira.
Azaroaren 28an larunbatean 10:30tan, Hazparneko mediatekan emango du Fla Fla Fla ikusgarria, eta aitzinetik izena ematea ezinbestekoa, mediatekara deituz. Abenduaren 1ean ere emango du baina haurtzaindegientzako izanen da.

Interesgarri izanen zaizu