Ehorzketak larunbat honetan urtarrilaren 24an iraganen dira Sarako elizan. Bisitak ostegun eta ostiral honetan, urtarrilaren 22 eta 23an egiten ahalko dira, Olhabidean, bere etxean.
Jean Fagoaga, Sarako auzapez ohia zendu da urtarrilaren 20 honetan, 97 urte zituela. Medikua, pilotaria, kultur arloko eragilea, eta Anai Arteak elkarteko kide ere, itzal handia utzi du herrialdean. Ehorzketak larunbat honetan iraganen dira Sarako elizan, bisitak ostegun eta ostiral honetan, Olhabidean, bere etxean.
Entzungai, 2020an, GURE IRRATIAk egin zion elkarrizketa. Sarako herriak, berak sortua zuen pilota plazari, Jean Fagoaga izena ezarri ziolarik.
Istorio ainitz aipatu zituen, nola 92 urtetan "hobeki izaiteko prest" zela oraino, beti umorez. Sarako plazan sortua, 19 urtetan, pilotari profesionala, atxiki ttipian, esku huska ere txapeldun, Ximun Haran zenarekin. Neguan trinketean eta udan plaza laxoan ari ziren orduan.
1970ean Sarako auzapez bilakatu zen 40 urte zituela, Paul Dutournieren segida hartuz. 6 urteko agintaldi bakarraren ondotik, Jean Aniotzbeherek hartu zuen bere segida eta Fagoaga mediku lanak egitera itzuli zen.
Arretxe arkitektoarekin, radio Londres entzunez
Saran pilotari famatu ainitz bazela, baina pilota plaza ez hain ona, errebote berria egitea deliberatu zuen. Pareta eta harmailak ezin hunkitu, beste leku batean xutitu behar zen, baina eraikin berri batzuekin eta bereziki VVF edo uda herrixka batekin, eta hori guzia herri erdian. Istorio ttipiarendako, Arretxe arkitekto famatua gurutzatu zuen Kanbon, Lapurdiko auzapezen biltzarrean. Arretxe famatua zen bereziki Saint Malo herria ber eraiki zuelako. Jin zitzaion galdezka : "Zu zara Manuel-en semea ? Bai ! Gerla denboran, zure etxean pasa dut hilabetea eta altxotan hartua zaitut, zure aitarekin radio Londres entzuten ginuen bitartean. Zure familiarekiko eta zure herriarekiko badut zor handi bat. Galdezazu nahi duzuna". Ohartarazi zion errebote bat xutitu nahi zuela ondoko eraikinekin, eta hala egin zuen Arretxe arkitektoak, Sarako herriari zentimo bakar bat kostatu gabe.
2020az geroztik, Sarako herriko etxeak, pilota plaza horri Jean Fagoaga izena eman zion, omenaldi eder bat eskainiz auzapez ohiari.