Hendaia (Lapurdi)

Lagunez inguratuta aurkeztuko du bere bigarren diskoa RTZ kolektiboak

Martxoaren 7an argitaratuko du Baionan sortu den rap taldeak Eden, bere bigarren diskoa eta Hendaian egun berean kontzertu gaualdi ederrarekin ospatuko du. Frelasiat, OPH eta Petri raplari hirukotea gure estudioan egon da lan berriaz hitz egiteko.

Lagunez inguratuta aurkeztuko du bere bigarren diskoa RTZ kolektiboak
Petri, OPH eta Frelasiat RTZ kolektiboko raplariak. GURE IRRATIA
Arantxa Idieder
2026/02/20 19:32

RTZ kolektiboak urte bat hartu du, kontzerturik egin gabe eta denborarekin, bere bigarren diskoa ongi lantzeko. Eden izena hartuko du martxoaren 7an aterako den lanak. Hamasei kantu, hiru zatitan banatuak, hitzen eta mezu edo aldarrikapenen garrantziarekin, DJ Wall berriz ere ondoan izan du raplari hirukoteak, soinu produkzio lanetan aritzeko.

Autoekoizpena eta musikariak lagun

Amaia Hiriart eta Haize Karrikaburu musikariek parte hartu dute kantu batzuetan, eta Bretainiako Plouz&Foen taldearekin ere kantu bat grabatu dute - aurtengo Ar Redadegen kantu egileak. Disko berria iragartzeko Amphibie Studio-rekin bi klip grabatu dituzte Dena Erre eta Begira zenbat diren.
Autoekoizpena garrantzitsua da taldearentzat, elkarte moduan antolatu dira denen artean ardurak partekatuz.

Martxoaren 7an aurkezpena Hendaian

Lagunekin ospatu nahi izan du bere diskoaren ateratzea taldeak. Martxoaren 7an, Hendaiako Gaztelu aretoan 17:00etaik aitzina, Kramsa, The Border Kidz, La Basu eta ØDEI izango dira RTZ kolektiboa aitzina eszena gainean. Gaualdiak eta festak segituko du Enbata gaztetxean DJ Üzkülüzekin. Sartzeak aitzinetik erosten ahal dira 10 eurotan.

Interesgarri izanen zaizu