Irailaren 13an, larunbatez, hasiko dira aurtengo Sarako bestak eta ondoko asteazken arte iraunen dute. Musika, dantza, pilota, ahate joko, xaboi kutxen lasterketa, Olhain ikastolaren bazkaria, eta karroen desfilea izanen dira animazio aipagarrienak.
Uda bukatu bezala hurbiltzen dira urtero Sarako bestak. Aurten, Irailaren 13tik 17ra iraganen dira, eta berriz ere programa aberatsa prestatu dute komitetik, Dupla, Bulego edo Xiberoots bezalako taldeekin. Alta, zerbait azpimarratzekotan, Saran oihartzun haundia duten “karroak” aipa daitezke. Aurten 50. urtemuga ospatuko dute. Komitearen lana, besten programa, eta xehetasun guzien emaiteko, komiteko bi kiderekin solastatu gira : Lea Iralde eta Lorea Zozaia.