Kanboko Paxkaleku gainaldean hasi ziren antolatzen Topatopia festibala duela zortzi urte. 2026ko edizioa oinarri ekonomiko sanoagoekin hasteko, sustengu gaualdia antolatzen dute larunbatean.
Uda bukaerako hitzorduen ohituretan sartua da Kanboko Topatopia festibala. Duela zortzi urte hasi ziren antolatzen Paxkaleku gaineko gune hori biziarazi nahian, eta jakitateen partekatzeko gune bat sortzeko asmoarekin ere. Topatopiaren beste berezitasuna, afixa sekretua atxikitzen dutela da. Talde ezagunak eta ezezagunak maila berean jarri nahian, ez dute aitzinetik jakinarazten zoin musikari hurbilduko den.
2026ko Topatopia prestatzeko ordua da
Azken bi urteetan diru piska bat galdu baitute, 2026ko festibala antolatzeko gaualdi bat prestatu dute larunbat honetan urtarrilaren 17an Itsasuko Goxoki gaztetxean. Sheep’n’Beer, Folkablok eta DJ set-ak (Huskeria Sistema Sound System) izanen dira 18:00etatik aitzina. Jateko, edateko, eta gauean zehar Topatopiako sorpresak izanen dira. Bestalde, 2026ko Topatopia antolatzeko bilkura ireki bat proposatzen dute urtarrilaren 24an Kanboko gaztetxean 14 :00tan.
