Gure Irratiak, Lapurdiko lehen euskarazko irratiak, egoera ekonomiko larri bati aurre egin behar dio. Egiturazko 40.000 euroko aurrekontuko defizita du. Entzuleei dei egiten diegu, IRRATIA GIRA izena duen kanpainan parte hartuz.
Azken urteetan, diru eskasiari aurre egiten aritu da Gure Irratia, proiektu desberdinei erantzunez, edota Euskal Irratiak sarearen laguntzari esker ere. Baina orain zuen beharra dugu entzule ala irakurle. Urriaren lehen egun honetan prentsaurrekoa egin du Gure Irratiko administrazio kontseiluak, ondoan zituela bere hiru langileak. Haritza Camblong, Gure Irratiko lehendakariak esplikatu bezala, laguntza iraunkorra behar du elkarteak.
Diru sartzeak izoztuak
Gure diru sartzeak aspaldian izoztuak dira baina gastuak urtez urte emendatzen dira Gure Irratiarentzat. Aurrekontuaren hiru laurdenak, FSER (Frantziak ematen duen tokiko irrati adierazpenaren aldeko laguntza-funtsa) eta Euskararen Erakunde Publikotik heldu dira. Baina azken hamar urteetan, diru funts hori ez da emendatu. FSERari doakionez, Frantziako Kultura ministeriotik heldu den diru funtsa da, irrati elkarte guzien artean banatzen dutena, baina hor ere ez da emendatu azken urte hauetan. Alta, irratiaren gastuak bai. Lan sariak eta doazkioten kargak. Baina baita ere alokairu, elektrizitate, telefonia, material tekniko eta abar luze bat.
Digitalizazioan sartuta
Bestalde, Gure Irratia argiki posizionatu da DAB+ hedatze sistemaren alde. Etorkizuneko posizio bat da, eta Bayonne Local izena duen alotizamenduan, hedatze bikoitza proposatzen du gaur egun Gure Irratiak. Horrek ere gastu gehigarri bat ekartzen du. Irratia ez da FMko soinu soila, webgune eta sare soziala ezinbestekoak dira gure jardueretan. Horrek ere gastu eta lan zama bereziak sortzen dituzte.
Bi mehatxu gehitzen dira
Gure diru-sarreretan epe motz ala ertainera begira FSER laguntzaren beherakada posiblea. Ikusi dugu joan den neguan, Franziako legebiltzarrean aurrekontu proposamenak izan direlarik, irrati elkarteei ematen den diru funtsa apaltzea izan dela proposamenetariko bat. Irrati libreen mobilizazioa eta lekuko arduradun politikoen parte hartzea beharrezkoa izan da, proposamena ez onartzeko. Baina noiz arte ?
Gure Irratia urtez urte sostengatzen duen Euskararen Erakunde Publikoaren etorkizunaren zalantza ere hor da. Aktualitateak egunero oroitarazten digu eta EEP-k berak aitortzen du ez dituela beharrezkoak lituzken diru funtsak, bere eginbeharrak betetzeko. Euskal Kultur Erakundeak deiadarra jo berri du. Euskal elkargoak beraz zailtasunak ditu, Estatua, Eskuadea eta Departamendua engaiarazteko, zinezko hizkuntz politika batean. Lapurdiko euskal irrati gisa dugun etorkizuna ez da bermatua.
Elkartea diruztatzeko etengabeko proiektuak
Azken urteetan, hainbat ekintza edo aktibitate egiten ditugu jadanik egoera ekonomikoa hobetzeko. Diruztaturiko proiektu deialdietan parte hartzea adibidez : Irrati tailerrak, mahai inguru, animazioak, joko animazioak, edota Otsoaren ipuinak podacastak adibidez. Langileek Euskal Irratiak hedabidearentzat edo beste egitura batzuentzat lan egitea. Ekitaldi batzuen antolaketa, Haur Kantu Txapelketa, edota Baionako bestetan Patxondo peñaren atxikitzea adibide. Baita tixerta batzuen salmenta ere uda honetan (azken tixerta batzu gelditzen dira gainera).
Zergatik Gure Irratia ezinbestekoa da?
Euskara eta kultura aniztasuna biziarazten duen zutabe nagusietako bat delako Lapurdin. Informazio fidagarri eta librearen alde, tokiko eta zuzena den informazioa eskaintzen duelako. Iritzi askatasunaren alde delako: beste leku batzuetan entzuten ez diren ahotsei atea irekitzen zaie. 1981 urtean sortu zen Gure Irratiaren lehen misioetan izan da beti, bertakoei eta euskaraz hitza ematea, irratia tresna Herriari eskaintzea.
Diru biltze kanpaina bat abiatzea erabaki duguDenek libreki entzun dezakegu Gure Irratia, baina biziarazteko gastuak ditugu. Bide batez, esker handi bat azken urteetan jadanik lagundu gaituzten jende, herriko etxe eta enpresei. Baina diru gehiago biltzeko lan egin behar dugu. Hau da diru-biltze kanpainaren filosofia: ahal bezain batek ahal dutena eman dezatela iraunkorki.
Enpresei dagokionez, mezenasgo programa bat abiatuko dugu ere.
IRRATIA GIRA komunitatea, zure irratiarena
Irratia GIra komunitatea sortu dugu. Hilabeteroko diru laguntzaren bidez, IRRATIA GIRA komunitatean sartuko dira. Bakoitzak jakinen du zenbat ematen ahal duen. Emaitzaren truke, zergak pagatzen dituztenek eman duten diruaren %66-ko zerga murrizketa lortzen ahalko dute. Hilabetero sari batzu zozketatuko dira komunitateko kideen artean. Komunitate kideek Gure Irratiko programazio eta beste gai batzuei buruzko haien iritzia ematen ahalko dute. Diru eskaintzek dute guretzat lehentasuna, baina beste laguntza mota guztiak ere hartzen ditugu. Gure Irratia, Zure Irratia izan da hastapeneko lema, eta beti hala da irratia herriarena baita. Elkarte bizian sartzeko gogoa duen oro ongi etorria da.
IRRATIA GIRA programan sartu nahi baduzu : HELLOASSO
Oharrik bazenu, galderarik ala proposamenik : irratiagira@gmail.com
Aitzinetik milesker.