Alain Iriart hautatu dute Euskal Elkargoko presidente gisa

Hirugarren itzulia trenkatu da, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza hautatu dute bigarren itzuli baten ondotik, ondoko 6 edo 7 urteentzat. Lehen itzuliaren ondotik, Peio Etxelekuk bere hautagaitza kendu eta Iriarten alde bozkatuko zuela adierazi zuen.

Alain Iriart hautatu dute Euskal Elkargoko presidente gisa
Alain Iriartek, Euskal Elkargoko presidente postua hartu berriak abiatu du biltzarra. GURE IRRATIA
Arantxa Idieder
2026/04/11 13:39

Alain Iriart abertzalea izango da Euskal Hirigune Elkargoko presidente berria. Bi mandatu egin dituen Jean René Etxegaraien lekua hartzen du, bigarren itzulian gehiengo osoa lortu ondotik. Bozketa tinki zen, 119 boz bildu ditu Hiriburuko auzapezak, 102 aldiz Baionakoak. Lehen itzulian Jean René Etxegaraik bildu zuen boz gehiena 98 bere alde, ondotik Iriartentzat 80, Peio Etxelekurentzat 48, eta Pascal Lesellierentzat boz bakarra.

Baionako RNko ordezkariak ez du bere burua aurkeztu bigarren itzulian. Lehen itzulian hirugarren lekuan gelditu zen Peio Etxelekuk aldiz epaile lana egin du, bere lekua utziz bigarren itzulirako, eta berak Alain Iriarten alde egingo zuela erranez.
Emaitza ofiziala izan aitzin, Jean René Etxegarai, Alain Iriart presidente hautatu berriaren zoriontzera hurbildu da. GURE IRRATIA

Emozio ainitzekin hartu du emaitza presidente berriak eta hitza hartu ondotik segidan bere rolan sartu behar izan du, bilkurak segitu baitu ondotik. Elkargoa instituziaren babesle gisa aurkeztu da, eta bereziki azpimarratu du aldaketetan, hautetsiei leku gehiago eman nahi ziela, poloei indar gehiago, eta barnealde baloratuz, kostaldea aitzin. EH Bai ezker abertzaleko alderdiko kide izanik ere, denen presidente izango zela erran du, eta sentsibilitate guzien ordezkari.

Hitz eman bezala, 25 urteren ondotik, ondoko asteetan Hiriburuko auzapezgoa utzi behar luke. Ondoko hitzordua apirilaren 24an izango du elkargoak, komisio eta ordezkaritzak adosteko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu