Lau bozen diferentziak auzapezgoa eman dio Ramuntxo Goihetxeri

Kondaketa arazo bat tarteko, bizki luze joan da gaualdia Ahetzeko herriko etxean. Azkenean Ramuntxo Goihetxe bilakatu da auzapez berria. 586 boz bildu ditu eta Ramuntxo Labatek berriz 582.

Lau bozen diferentziak auzapezgoa eman dio Ramuntxo Goihetxeri
Ramuntxo Goihetxe eta Ramuntxo Labat, Ahetzeko herriko etxean, kondaketa denboran. GURE IRRATIA
Olatz Idoate
2026/03/16 11:25

Luze joan dira aferak Ahetze aldean, eta puntaren puntan, Ramuntxo Goihetxek irabazi ditu hauteskundeak. Gaueko hamarrak pasa arte ez dute zabaldu emaitza ofiziala, bi zerrenda eta 1200 bat boz baizik ez zirelarik kondatzeko. Arazoa, bozka bat sobera kondatzen zutela eta ikusiz, diferentzia 4 bozetakoa baizik ez zela, kondaketa berriz egin dute. Ondarrean, Ramuntxo Goihetxe nagusitu da, 586 bozekin, Ramuntxo Labatek 582 bildu ditu. Erran gabe doa, Goihetxe kontent agertu dela emaitzarekin, baina azpimarratau du ere herria bitan zatitua dela eta elkarlana sendotu beharko dela.

Parean, Ramuntxo Labat, triste agertu da, baina baikor etorkizunarendako. Azken hamalau hilabete hauetan egin lanaz harro, bereziki euskara eta ikastolarekin izan duten jarrera asumitzen du. Mezu bat igorri dio ere eguneko aurkariari. Kanpaina ez duela biziki garbia egin, Herriko langileekiko bereziki, kanpaina hontan erasotuak izan baitira. Oposizioko lan aktiboa eginen dutela adierazi du ere, eta Kukuxo merkatua bezalako gaiak hurbiletik segituko dituztela.

Interesgarri izanen zaizu