Uztailaren 13tik 19ra iraganen da hirugarren ediziorako Mugaldeko udalekua, 14-15 urteko gazteentzat. Arantzatik abiatuko da, Oiartzun eta Urruñatik pasaz Sara arte.
Arantzatik Sarara ibiliko da aurten mugaldeko udalekua, uztailaren 13a eta 19a bitarte. 14 eta 15 (2010-2011) urteko gazteek parte hartzen ahal dute, lehentasuna Oiartzun, Sara, Urruña edo Bortzirietan bizi direnei emana zaie, bainan beste herrietakoek ere izena eman dezakete.
Udalekuaren helburuak anitzak dira, besteak beste Iparralde eta Hegoaldeko gazteen arteko harremanak sustatzea, euskara praktikatzea eta Euskal Herriko leku ezberdinen ezagutaraztea kultura, natura eta kirolaren bidez. Horretarako hainbat aktibitate antolatuak dira udalekuaren baitan: herri kirolak, paintball, arborismoa, mendi ibilaldia, surfa, Sarako lezeen bisita… Kanpoko parte hartzaileak etorriko dira tailerren emaiteko ere bai: Dom Campistron margolariarekin horma irudi bat eginen da, Odei Barrosorekin rap tailerra eta Amets Arzallusekin Miñan liburuaren inguruko solasaldia.
Oiartzungo ttur ttur elkartearen iniziatibatik abiatutako ekimena da eta partaidetzan antolatua da Sarako Herriko etxea, Urruñako herriko etxea, Bortzirietako Euskara mankomunitatea eta Oiartzungo udalarekin. Euroeskualdearen dirulaguntzak ditu.
Izena emaiteko epea martxoaren 31a arte idekia da, interneten bidez. 175€koa da egonaldiaren prezioa, aktibitateak, lo tokia eta janariabarne. Gehienez 40 gaztek parte hartu dezaketenez, apirilean jakinen da izen emaitearen onarpena.