Axut! antzerki kolektiboaren aktualitateaz aritu gira Ximun Fuchs-ekin. Urte bat pasa da Nor Naizen Baneki antzerkiarekin bira hasi zutenetik, eta azken emanaldiak dituzte. Konpainiak bere Hendaiako egoitza utzi beharko duela ere jakinarazi digu.
Nor Naizen Baneki antzerkia ikusteko azken hitzorduak dira. Lapurdiko azken biak azaroaren 10 honetan Larresoron eta 20an Senperen izango dira. Ondotik Bidasoaren beste aldean izango dira, azkena urtarrilean emango dutelarik Oiartzunen.
Ximun Fuchs taula zuzendariarekin antzerki honetaz eta Axut!-en ondoko proiektuez hitz egin dugu. Xabi Solano eta Sua Enparantzarekin muntatu proiektuaa, baita maiatzaren 1ean estrenatu nahi luketen ikusgarri berriaz ere. Izuran eman zuten Lurrez Estali eta Bidasoa Mintzatuko Balitz bezala, gune batean emango duten antzerkia izango da, fabrika batean, eta langilegoari lotua.
"Egoitza aldaketa ez da hautatua izan"
Urrian Hendaiako herriko etxearekin ukan hitzordu baten ondotik, jakin dute urte bukaera gabe herriarekin zuten akordioa eteten zela eta bertan zuten egoitza utzi beharko zutela. "Gaur egun euskara bada, aldagai ekonomiko bat" hala adierazi digu Ximun Fuchs-ek, herriko etxeak hautu ekonomikoa egin zuela erran baitie.